miércoles, 24 de abril de 2013

Zer da laguntza?



        Aurreko sarrerarekin lotuta (HPB-aren diagnostikoa), laguntza terminoa aipatu beharra dago. Gainera, gelan lantzen ibili gara termino honen definizioa, funtzioak etab. Laguntza garapena, hezkuntza, interesa eta ongizate pertsonala bultzatzen duten estrategia eta baliabideak dira. Horrela, funtzionamendu pertsonala eta gaitasun intelektuala aberastuko da. Haur batek beste pertsona gaituago baten laguntza edo beharra duenean eskeiniko diogu laguntza indibiduala. Adibidez, haurra gauzak bakarrik egiteko zailtasunak dituenean emango diogu laguntza indibiduala. “HPB-aren diagnostikoa”-ren sarrerako 7.puntuan esan bezala, haur bat HPB-a duela zehazteko eta egiaztatzeko, diagnostiko psikopedagogikoa egingo da. HPB-a duen haur batek laguntza berezia behar du, eta askotan, gelatik atera behar da ume hori laguntza berezi bat eskaintzeko.  Honako hauek dira eskaintzen dira laguntzak, bai eskola barrukoak eta bai eskola kanpokoak:

  • Ikastetxeko laguntza zerbitzua: ikastetxeko aniztasun egoerari aurre egiteko irakasleei eta ikasleei laguntza eskaintzea helburu duen zerbitzua da. Bertan Hezkuntza Bereziko espezialistak aurki daitezke batik bat (PT eta aholkulariak).

  • Aholkularia/Kontsultorea: Irakasle-tutoreei eta irakasle-taldeari laguntza eta orientabidea eskaintzen dio Hezkunza Bereziari dagozkion gaietan. Hezkuntza Bereziko espezialistak izaten dira.

  • Orientatzailea: pedagogo, psikologo edo psikopedagogoak dira eta normalean DBHn dihardute (nahiz eta ikastetxe pribaturen batean HHn eta LHn ere jardun dezaketen). Beren zeregin nagusia ikastetxeko irakasleei eta bereziki tutoreei aholkuak eskaintzea da, horiek koordinatzea eta laguntzea. Eskola- eta lanbideorientazioari eta orientazio pertsonalari dagokien zereginetan, ikaslearen ikaskuntzazailtasunekin eta nortasunarekin zerikusia duten alderdien inguruko eskuhartzearen plangintzan, aniztasunaren lanketan, curriculum-egokitzapenetan eta e.a. parte hartzen du.

  • Pedagogo Terapeutikoa (PT): Irakasleen taldeko irakasle bat izan ohi da, Hezkuntza Bereziko espezialista dena. Honakoak dira bere funtzioak: Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleekin banaka edo talde txikitan esku hartzea, gela arruntean zein laguntza-gelan; curriculuma ebaluatzerakoan lankidetzan aritzea; curriculum-egokitzapen indibidualak egiterakoan eta garatzerakoan lankidetzan aritzea; material didaktikoak prestatzerakoan lankidetzan aritzea; familiekiko harremanetan lankidetzan aritzea eta irakasleekin lankidetzan aritzea ikasleen aniztasunari erantzuteko.

  • Hezkuntza Laguntzarako Espezialista: HPBak dituzten ikasleen laguntzaile/hezitzaile izaten dira eta haiekin gela arruntean egon ohi dira. Ikasleek dituzten behar zehatzei erantzuna ematen diete eta irakasleekin elkar-lanean dihardute.

  • Ikastetxetik kanpoko laguntza zerbitzuak: Ikastetxeetan bertan kokatzen ez diren laguntza-zerbitzuak dira. Profesional anitzeko talde multiprofesionalak dituzte eta lurraldeen edo autonomia erkidegoen araberako eremua dute. Adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoan Berritzeguneak dute izena eta Nafarroan CREENA.

  • Talde Multiprofesionalak: Laguntza-zerbitzuetan parte hartzen duten profesional anitzen taldeak dira (psikologoak, pedagogoak, logopedak, fisioterapeutak…). Diagnostiko psikopedagogikoa, eskolatze-proposamena eta hezkuntza-premia bereziak dituen ikaslearen jarraipena egitea dute helburu. Ikasle horien irakasleen eta laguntzaileen aholkularitzaz eta orientabideaz ere arduratzen dira. Talde horietako kide guztiek funtzio orokor eta funtzio espezialista bana dute prestakuntza espezializatua jaso duten hainbat programatan.

  • Laguntza gela: Gela arrunteko baliabideekin bakarrik erantzun ezin diren premiak dituzten ikasleen eskolatzean laguntzeko bitartekoei egiten die erreferentzia. Gisa horretako gelak ikastetxeetan bertan egon ohi dira. Ikasleei eskainiko zaien arreta egindako HPBen analisiaren eta testuinguruaren ebaluazioaren araberakoa izango da eta taldekakoa nahiz banakakoa izan daiteke, kasuen arabera. Arreta laguntzagelaren espazioan eskaini daiteke edo gela horretako irakaslea gela arruntera joan daiteke. Gela honetako irakasleak prestakuntza hezkuntza bereziko espezialistak (PT) zango dira.

  • Gela egonkorra: Ikastetxe arruntetan, zailtasun larriak izateagatik eta beharrezko curriculum-egokitzapenak egin arren, curriculum arrunta ikaskideekin elkarbanatu ezin duten edo gutxieneko zati batean bakarrik elkarbana dezaketen ikasleei erantzuteko sortutako gelak dira. Autismoaren espektroko nahasteak edo/eta adimen urritasunak dituzten ikasleak joan ohi dira bertara.

  • Hezkuntza Bereziko Ikastetxeak: HPBak dituzten ikasleei, horien larritasunaren eta iraunkortasunaren arabera, hezkuntza egokitua eskaintzea helburu duen ikastetxea dugu. Normalean ikasleek ohiko ikastetxean zenbait ordu igarotzen dituzte eta gero, hala behar izanez gero, posiblea da hezkuntza bereziko ikastetxe batera joatea zenbait orduz.

  • Ospitaleko ikasgelak: Ospitale-ikasgela batera joaten diren ikasleek lan-plan indibidual bat izaten dute, egoera horretan arreta eskaintzen dioten ikasleek eta bere ikastetxeko irakasleek egindakoa. Helburua ikaskuntza ikaslearen egoeraren arabera programatzea da, bi inguruneetan egiten den lana koordinatuz. Ospitaleko irakasleak PTak izaten dira.

No hay comentarios:

Publicar un comentario