Mostrando entradas con la etiqueta Laguntza. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Laguntza. Mostrar todas las entradas

lunes, 20 de mayo de 2013

AZKEN HAUSNARKETA




            Gure ikaste koadernoari amaiera emateko ordua iritsi zaigu. Lau hilabete oso bat pasa da eta INKLUSIOARI buruz hitz egiten, hausnartzen, ikertzen, eztabaidatzen, ideiak trukatzen...ibili gara. Inklusioaz gain, honekin erlazionaturik eta zerikusirik duten termino eta gaiei buruz aritu gara ere, hala nola, berdintasuna, normalizazio printzipioa, zailtasunak dituzten umeak, HPBak dituzten umeak, etab. Hasierako aurrezagutzei dagokionez, ikasgaiarekin hasi baino lehen, ez nekien ezer inklusioari buruz, kalean ez baitut inoiz entzuten hitz hori beste batzuk bezala (krisia bezainbeste adibidez). Banekien zerbait berdintasunari buruz, desberdinatsunak eta zailtasunak edukitzeagatik hainbat pertsonek dauzkaten oztopoei buruz...Baina inklusioa hitza berria izan da niretzat.
           
Egunak eta kurtsoa pasa ahala, ikasgai honekin argi eta garbi gelditu zait honako hau: etorkizunean irakasle izango garen guztiok lan asko egin behar dugula gaur egun hezkuntzan dauden akatsak zuzentzeko eta guztion ongizatea lortzeko; batez ere, behin eta berriro aipatzen ari naizen inklusioa lortzeko. Hala ere, guztiok badakigu hori lortzeko egin beharreko lana oso zaila dela eta irakasleen esfortzuaz gain, guztion esku hartzea beharrezkoa dela. Bestalde, ideiak erlazionatuz eta hitzak lotuz joan gara gure ikasgai honekiko ezagutzak handitzen eta osatzen. Hasieran aipatu bezala, “inklusioa, normalizazio printzipioa, berdintasuna, desberdintasuna, laguntza, zailtasuna...” terminoak elkarren artean erlazionatu ditugu eta aldi berean, bakoitza aztertu eta ulertu dugu.

HAUSNARKETA izan da beharrezko faktore bat ikasgai honetan. Hala ere, askotan zaila egin zait gutxi dakidan gai bati buruz hausnartzea, batez ere, lau hilabete hasieran. Orain, berriz, errazagoa egiten zait landutako gaiei buruz hausnartzea, besteei dakidana azaltzea, etab. Blog honetan egindako sarrera gehienetan azalpenak nire hausnarketa txikiekin indartzen saiatu naiz, baita gelan egindako lanak ere. Gainera, askotan, taldeetan egin behar izan ditugu lanak eta gai hauei buruzko ideia trukaketak eta eztabaidak oso interesgarriak izan dira (esperimentazio astea, adibidez). Gainera, nire taldeko 4 partaideak ideia iruditsuak ditugu eta ez zaigu zaila egin lanak aurrera eramatea; beti ere errespetua eta besteen ideien onarpena gure taldearen giltzarria izanik. Honekin esan nahi dut bai banaka eta bai taldeka (talde txikietan edo handietan) ikasgaia ulertzen saiatu naizela.

Orain arte ikasitako guztia buruan eduki behar dugu gure irakasle bizitza osoan zehar, baina lehen aipatu bezala, edonork eduki behar ditu ideia hauek buruan. Ikasgai hau eman ondotik, gogo gehiago dauzkat inklusioa bermatzeko eta sustatzeko, nire parte hartzea aktiboa izateko gai honekiko. Batez ere, hasiera batean ez nekielako inklusioa zer zen, eta orain badakidala, gogoak piztu egin zaizkit.

 Ikusi dugu lehenagoko garaietan nola baztertzen zen jendea desberdina izateagatik, eta nola gaur egun gauzak hobetu diren. Hala ere, bazterkeria ez da osoki desagertu den faktorea. Eta bazterkeriarekin batera, arrazakeria, elkarlan falta, ...aipatu behar dira. Pertsona askoren pentsamenduak aldatu beharra dira eta guk, etorkizun batean izango garen irakasleok, pentsamendu horiek aldatzen hasi behar dugu. Badakigu INKLUSIOAN dagoela GAKOA. Gizarte osoan inklusioa balego, edozein pertsona izango luke kalitatezko hezkuntza bat jasotzeko aukera: bai zailtasunak dituzten umeak, bai zailtasunak ez dituzten umeak, bai beste herrialde batekoa den umea, etab.

Zertarako bereizi behar dugu, adibidez, autismoa duen haur bat beste haurrengandik? Kaltegarria izan daiteke guztiak gela berean egoteak? Nire ustetan, “kaltegarri” hitza “aberasgarri” hitzagatik ordezkatzeko ordua iritsi da. Zailtasunak dituzten pertsonen mundua ezagutzea eta ulertzea bizitza beste modu batean baloratzeko aukera ematen dizu. Arazoak dituzten umeak beste gela batean sartzen baditugu, gainontzeko umeek ez dute hori ulertuko eta “arraroen gelara doa” esango dute. Eta txikitatik hori pentsatzen badute, zaila izango da aurrerantzean horrelako pertsonak, pertsona normal bat bezala ikustea. Bestalde, ume guzti guztiak elkarrekin lan eta ikasten badute, bakoitzak bestearen mundua ulertuko du eta den bezalakoa maitatuko du. Eta honetan, irakaslearen papera funtsezkoa da. Irakaslea saiatu behar da inklusioa lortzen eta desberdintasunak ezabatzen. Zailtasunak edo HPBak dituzten umeek autonomia eta bizitza hobeago bat lortzeko beharrezkoa dute sozializatzea, besteekin harremanetan egotea. Horrela, askatasun apur batekin, autonomiaren bide luze horretako helmugara iritsi ahal izango dira. Azken finean, bai askatasuna eta bai laguntza beharrezkoa daukate, bien arteko orekaren bidez izugarrizko aurrerapena lor dezakete.

Hau guztia esatea oso erreza da, baina lortzeko, lan asko egin behar da (eta orain LOMCE legea onartu egin dutenez, lana handiagoa da). Horregatik, hemendik urte batzuetara irakasle izango garenok kezka handia daukagu: lortuko dugu inklusioa? lortuko dugu desberdintasunak desagerraraztea? hezkuntza hobetuko dugu?. Galdera hauei erantzuna emateko, urte batzuk itxaron behar ditugu lehenengo, eta ondoren, ikusiko dugu gizartea hobetu den ala ez. Nire burua hezkuntza hobetzeko gogoekin eta lana egiteko gogoekin ikusten dut, horregatik, ikasgai honetan ikasitako ahaztu behar ez dugula pentsatzen dut.

Hau guztia hobetzeko guztiok baditugu buruan hainbat proposamen, nahiz eta jakin proposamen hauek aurrera eramatea oso zaila dela. Baina ezinezkoa dela pentsatzen badugu, ez dugu nahi duguna lortuko.

  1. Gure hurbileko jendeari dakiguna transmititu behar diegu, lortu nahi duguna azaldu behar diegu. Eta honekin batera, haien pentsamendua aldatu behar dugu, askok ez baitakite ezer inklusioari eta hezkuntzari buruz. Horrela, bakoitzak bere esku hartze txikiarekin, aurrerapenak lortuko ditugu.
  2. Hurbileko jendeari transmititu dioguna zabalduz joango da, pertsona askori iritsiko zaie informazioa. Azken finean, jendea hezkuntzari buruz zerbait jakitea ez da gutxi, gaur egun, esan dugun bezala, ezagutza oso txikia baita irakasleen munduari dagokionez.
  3. Zailtasunak edo HPBak dituzten pertsonak ulertzen saiatu behar gara eta haiei laguntzen. Laguntzak ez dira hezkuntza zentroetan bakarrik ipiniko. Zentro hauetatik kanpo laguntza beharrezkoa dute ere, eta errespetua eta ulermena faktore garrantzitsuak dira.
  4. Ohartu behar gara HPBak dituzten umeak ez direla desberdinak diren bakarrak. Ume (eta pertsona) bakoitza mundu bat da, eta edozein pertsona desberdina da besteekiko.

Esan beharra daukat ikasgai honetan landu duguna oso baliagarria ikusten dudala gure etorkizunerako, beharrezko edukiak baitira. Ikasgaiaren helburua bete dudala uste dut, inklusioa bermatzeko gogoak piztu egin baitzaizkit eta hausnartzea eta kritika egitea lortu baitut. Hasieran nuen ikuspegia eta orain dudana erabat desberdina da, izan ere, lau hilabete hasieran gai hauekiko nuen ezagutza txikia zen eta orain asko handitu da. Gainera, gelako lanetan parte-hartu dudala esan dezaket eta baita blog honetan hausnartzen, ikertzen eta nire iritziak ematen ibili naizela ere. 

Amaitzeko, ez dugu ahaztu behar inklusioari buruz dugun ezagutza eta egin beharreko lana ez dugula hemen amaitutzat eman behar, ezagutza etengabe osatzen doan prozesua baita. Horrez gain, inklusioari buruz ikertzen jarraitu behar dugu hezkuntzan eta gizartean dauden akatsak zuzentzeko eta irtenbideak bilatzeko. Dagoeneko aipatu dut inklusioa lortzeko lan asko egin behar dugula oraindik, eta batez ere, guri, irakasleoi, dagokio lan hori egitea. Beraz, ikasgaia aberasgarria iruditu zait (baita beste ikasgaiak ere) eta eskertzekoa da gaur egun hain garrantzitsua diren eta jendea ezagutza gutxi duen gaiak lantzea.

miércoles, 15 de mayo de 2013

Eskola inklusiboaren postulatuak, bizitzako eredu

     Gelan, "PUJOLAS, P. (2004). Aprender juntos alumnos diferentes" testu zati bat irakurri eta landu genuen. Bertan, inklusioaz hitz egiten ari garenean kontuan hartu beharreko hainbat postulatuei buruz informazioa eta azalpenak ematen gaitu egileak. Beraz, 5 postulatu hauek aztertuko ditugu:

1. Dibertsitatea goraipatu behar du eskolak

Eskolan, dibertsitatea oso garrantzitsua da eta ahal den moduan goraipatu behar da. Eskola osatzen duten kideen dibertsitateak eskola bera eta bertako ikasgelak indartzen, sendotzen ditu eta dibertsitate horretatik ikasteko aukera paregabeak eskaintzen dizkie.

2. Ikasten gozatu behar: eskolan den-denek gustura eta seguru ikusi behar dute beren burua

Eskolara ikasle, irakasle, hezitzaile eta komunitateko kide guztiek joan nahi izatea premiazkoa da, zeren, batetik, gustura daude bertan; bestetik, seguru sentitzen dira.

Alde batetik, gozatzea ezinbestekoa da ikasi nahi izateko. Ikastea kontu pertsonala denez, ikasi nahi duenak bakarrik ikasten du benetan ikasleak. Zeinahi ikasketak eskatzen duen ahalegina inondik ere ukatu gabe, ikasleak gozatuz irakastea lortu beharko luke eskolak. Denek, elkarrekin, komuninate handi baten barnean komunitate txikitxoa osatu eta funtzionatzen ari den komunitatearen dohain eta balioen jabe izan behar dute. Komunitate-senak "ni" batzuek osaturiko taldea "gu" kolektibo bihur dezake; horri esker bilakatuko da guztizia, elkartasun eta elkarrenganako errespetuekin konprometitutako komunitate eta toki jakin bateko kideari dagokion nortasun-sen handiko eskola.

Beste alde batetik,  ikasleek seguru sentitzeko aukera izan behar dute. Eskolan, kide guztiek gainerakoak eta laguntzaren premian dagoen edonor sostengatzeko erantzukizuna dute. Kide guztiak dira aintzat hartzeko modukoak, gainera, denak baitira komunitateko kide baliotsuak. Horrela, eskola batean, edonor senti liteke seguru.


3. Berdintasun politikan oinarritua behar du eskolak 

Eskolako kide bakoitza eskola-komunitateko eskubide osoko kidetzat onartu beharko luke. Eskolak, kalitatezko hezkuntza eskaini behar du eta berdintasunezko printzipioez osatu behar da. Horrek ez du esan nahi ikasle guztiei tratamendu berbera eman behar zaiela, baizik eta hezkuntza-premiak hartu behar direla aintzat eta, ondorioz, ikasleenak ez ezik eskola-komunitateko kide denenak.

4. Ikastea erraztuko duten irakasleak eduki behar ditu eskolak

Irakasleak, gelako giroa antolatu behar du eta motibazioa sustatu behar du gelan. Gainera, baliabide eta prozedura egokiak erabili behar ditu eta ikasteko baldintza praktikoak ezarir behar ditu ikasleen ikaskuntza prozesua modu egoki batean aurrera egin dezan. 

5. Eskolak ikaslea elkarlanerako prestatu behar du, ez lehiaketarako

Eskolan, elkarlana lehiaketaren aurretik lehentsi behar da. Eskolak kide guztien inplikazioa bultzatu behar du bakoitzak bere lana egin dezan eta horrekin batera, gainerakoekin partekatu eta elkarlanean jardun behar dute. Baina egungo gizarteak "lehiaketan" ipintzen duen enfasiak eraman gaitu batzuetan bikaintasunari sekulako balioa aitortzera; horrela, bikain izan nahi duenak besteen gainetik gailentzea ezinbestekoa du, ikuspegi horretatik. Pentsamendu hori ezabatu behar da eta eta lan kooperatiboa bultzatu behar da. Lan kooperatiboa irakasteko lanabes eraginkorra baita, ikasi eta irakatsi beharreko eduki bat. Horrela, denak duintasunez bizitzeko tokia emango duen mundu justuago bat eraikitzea lortuko dugu.

jueves, 9 de mayo de 2013

Si puó fare (2008) - Giulio Manfredonia


Gaur ikasgai honen azken aurreko saioa izan dugu eta “Si puó fare” italiar filma ikusi dugu. 2008. urtean Giulio Manfredoniak, italiar film zuzendariak, egin zuen pelikula hau.

“Si puó fare” Nello-ren historiara hurbiltzen gaitu, gizon bat zeinen bere zorte txarra lanean eta ideiak politiko ezkertiarrak direla eta, pertsona “eroen” kooperatiba bat zuzentzera derrigortuta ikusten du bere burua. Filmak ez du “eroaren” irudiari buruz bakarrik hitz egiten, baizik eta baita gizartea eta lanaren munduari buruz ere. Nello-k, etorkizun on bat eskaini nahi die medikazioak eta administrazioak direla eta, logaletuak eta baztertuak bizi diren pertsona horiei. Filmak esaten gaitu lanak kohesio soziala, independentzia ekonomikoa eta askatasuna ematen gaituela, eta aldi berean, errutina bat ezartzen duela. Nello-k bere “langileen” izenak ikasteaz kezkatzen da eta pertsona hauen kausa “bere kausa” bezala hartzen du. Gizon egozentrikoa da eta ezkertertiar politika idealistaren irudia. Aldi berean, krisi garaietan arrakasta izateko gogoak erakusten ditu. 

Film honek oso modu argi batean deskribatzen du nola taldea (edo bere langileak) aldatzen joaten da Nelloren laguntzaz; hasieran zeukaten ideia (zorua enmaketatzen jarduten den enpresa) gertaera (protagonisten irteera erietxetik) batean bihurtzen da. Horrez gain, filmak honako hau transmititu nahi gaitu ikusleei: dena egiten ahal da, ezinezko eginezinak ez dira existitzen ezta hauek egiteko gai ez diren eroak erez.  Baina batez ere, film hau ikusi ondoren honekin gelditu behar gara: “Si puó fare” aukera ematen gaitu guztiok zeinen eroak gauden pentsatzeko.

Nire ustez, gizartean dagoen pentsamendua gaitzak edo zailtasunak dituzten pertsonak oztopo bat direla da; eta ohikoak ez diren eta bereziak diren jarrerak eta jokaerak izateagatik ez dira onartzen. Arazo hauek dituzten pertsonekin zer egitea arazo larri batean bihurtu da. Eta hortik abiatuz, psikiatrikoen existentzia azaltzen ahal dugu, non elkarbizitzan bizitzeko gai ez direla uste dugun pertsonak bereizten eta kontrolatzen dira. Nire iritzia psikiatrikoei buruz emango nuke, baina oraindik ez dakit asko hauei buruz, ez dakit pertsonentzat benetan lagungarriak diren edo ez. Hala ere, gauza guztiak bezala, bere alde txarrak eta onak dituela uste dut. Zerbait ona esateagatik, agian, pertsonen gaitzak sendatzen saiatzen direla. Eta txarra, gaitzak sendatzeko medikazio gehiegi erabiltzen dituztela. Filman argi eta garbi ikusten da medikazioa ez diela zoriontasuna ematen, zeren eta medikazio gutxiagorekin eta askatasuna (kasu honetan, lan munduan sartzea adibidez) gehiagorekin zoriontasuna handiagoa da.



 Zinemak “eroaren” irudira hurbildu nahi izan da ikuspuntu desberdinetatik eta ulertu du pertsona hauen adimena esploratuz gero giza baldintzari buruz gauza asko ikasten ahal direla. Bestalde, esatekoa da lengoaia beste faktore garrantzitsu bat bihurtu da, “elbarri, minusbaliatu, eroa...” bezalako terminoez bete da, baina ez dugu pentsatu gizartean gaixotasun konstante batean bizi garela, non “depresioa” edo “estres” bezala ezagutzen diren emozioen desoreka ez dira “gaixotasunaren” konnotazio negatiboekin izendatzen. Beraz, aldatu beharreko zerbait da lengoaia, baina gaur egun konnotazio txarrak kaletik edo edozein tokitik gehiegi entzuten dira eta nahigabe ateratzen zaizkigu, pentsatu gabe.



Bukatzeko, esan beharra daukat horrelako filmak gure pentsamenduak aldatzeko gaitasuna dutela, eta nire ustetan, ikaragarrizko gaitasuna. Filma ikusi baino lehen edozeinek esan dezake “eroak lanean? Ezinezkoa”. Baina ikusi ondoren, begiak ireki egiten gaituzte protagonistek eta pertsona hauei ulertzera iristen gara. Neri, behintzat, askotan aldatu zaizkit ideiak mota honetako pelikulak ikustean (adibidez, kurtso honetan ikusitako "Elling" filma). Film honetan oso argi ikusten da nola hasieran, bakarrik  batek dauka konfidantza pertsona hauengan lan munduari dagokionez. Baina azkenean, gero eta jende gehiago kontratatzen ditu pertsona hauek. Gu ez badugu konfidantza pertsona hauengan, nork izango du ba? Beraz: 


Gu gai bagara, haiek zergatik ez?

jueves, 25 de abril de 2013

Kontsulta

     Gelan “laguntza” lantzen egon garen bitartean, nire taldeari “kontsulta” terminoa egokitu zaio. Testua irakurri ondoren, hainbat ideia nagusi atera ditugu ezaugarriei eta estrategiei dagokienez:

EZAUGARRIAK:

  • Ikasleen beharrak indibidual edo kliniko hutsa izatetik aski urrun dagoen ikuspegi batetik aztertu behar dira.
  • Ikaslea urritasunaren “errudun” bakar gisa hartzetik, ikaslea eta haren beharrak eskolak zeregin guztiz garrantzitsua duen marko ekologiko eta eskematikotik ikustera pasatu behar da.
  • Planteamendu instituzionalak eskolarekiko duen ikuspegia egiturazkoa da, kulturala baino gehiago.
  • Eskolak laguntza-departamentuen inguruan antolatzen du laguntza, eta bertan, lankideei lanerako jarraibideak ematen dizkien adituen aholku gisa jokatzen dute profesionales, eta erabakiak hartzearen gaineko kontrolari eusten diote.
  • Eredu honen atzean beti dago eskola bere Kabul ikasteko duen ezintasuna, eta ondorioz, bere burua hobetzeko laguntza-egituren ezinbesteko izaera esku hartzailea.
  • Eskolari ematen zaion laguntza da.
  • Laguntza-profesionalek erabakitzen dituzte helburuak, tratamenduak eta irakaskuntza-metodoak.

 LAGUNTZA ESTRATEGIAK:

  • Ameriketako Estatu Batuak dira eredu honen erreferentzia nagusia.
  • Ikuspegi instituzionala.
  • Adituen ardurapean daude.
  • Laguntza norabide bakarreko prozesu bihurtzen da, aholkulari lanak egiten dituzten pertsonak aditu rola hartzen dute, eta egin beharreko lana ebaluatu eta gainbegiratzen dute.
  • Eskolan zentratzen da horien esku-hartzea.
  • Ikasleei eta irakasleei, ikasgelei eta ikasle-taldeei laguntzeko departamentuak dira.

     Honez gain, aipatzekoa da testu honen egilea: María Ángeles Parrilla. Testu honetaz aparte, beste hainbat lan eginak ditu. Norbaiti berari buruz gehiago jakitea interesatzen bazaio, link honetan topatuko du informazio garrantzitsuena:




miércoles, 24 de abril de 2013

Zer da laguntza?



        Aurreko sarrerarekin lotuta (HPB-aren diagnostikoa), laguntza terminoa aipatu beharra dago. Gainera, gelan lantzen ibili gara termino honen definizioa, funtzioak etab. Laguntza garapena, hezkuntza, interesa eta ongizate pertsonala bultzatzen duten estrategia eta baliabideak dira. Horrela, funtzionamendu pertsonala eta gaitasun intelektuala aberastuko da. Haur batek beste pertsona gaituago baten laguntza edo beharra duenean eskeiniko diogu laguntza indibiduala. Adibidez, haurra gauzak bakarrik egiteko zailtasunak dituenean emango diogu laguntza indibiduala. “HPB-aren diagnostikoa”-ren sarrerako 7.puntuan esan bezala, haur bat HPB-a duela zehazteko eta egiaztatzeko, diagnostiko psikopedagogikoa egingo da. HPB-a duen haur batek laguntza berezia behar du, eta askotan, gelatik atera behar da ume hori laguntza berezi bat eskaintzeko.  Honako hauek dira eskaintzen dira laguntzak, bai eskola barrukoak eta bai eskola kanpokoak:

  • Ikastetxeko laguntza zerbitzua: ikastetxeko aniztasun egoerari aurre egiteko irakasleei eta ikasleei laguntza eskaintzea helburu duen zerbitzua da. Bertan Hezkuntza Bereziko espezialistak aurki daitezke batik bat (PT eta aholkulariak).

  • Aholkularia/Kontsultorea: Irakasle-tutoreei eta irakasle-taldeari laguntza eta orientabidea eskaintzen dio Hezkunza Bereziari dagozkion gaietan. Hezkuntza Bereziko espezialistak izaten dira.

  • Orientatzailea: pedagogo, psikologo edo psikopedagogoak dira eta normalean DBHn dihardute (nahiz eta ikastetxe pribaturen batean HHn eta LHn ere jardun dezaketen). Beren zeregin nagusia ikastetxeko irakasleei eta bereziki tutoreei aholkuak eskaintzea da, horiek koordinatzea eta laguntzea. Eskola- eta lanbideorientazioari eta orientazio pertsonalari dagokien zereginetan, ikaslearen ikaskuntzazailtasunekin eta nortasunarekin zerikusia duten alderdien inguruko eskuhartzearen plangintzan, aniztasunaren lanketan, curriculum-egokitzapenetan eta e.a. parte hartzen du.

  • Pedagogo Terapeutikoa (PT): Irakasleen taldeko irakasle bat izan ohi da, Hezkuntza Bereziko espezialista dena. Honakoak dira bere funtzioak: Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleekin banaka edo talde txikitan esku hartzea, gela arruntean zein laguntza-gelan; curriculuma ebaluatzerakoan lankidetzan aritzea; curriculum-egokitzapen indibidualak egiterakoan eta garatzerakoan lankidetzan aritzea; material didaktikoak prestatzerakoan lankidetzan aritzea; familiekiko harremanetan lankidetzan aritzea eta irakasleekin lankidetzan aritzea ikasleen aniztasunari erantzuteko.

  • Hezkuntza Laguntzarako Espezialista: HPBak dituzten ikasleen laguntzaile/hezitzaile izaten dira eta haiekin gela arruntean egon ohi dira. Ikasleek dituzten behar zehatzei erantzuna ematen diete eta irakasleekin elkar-lanean dihardute.

  • Ikastetxetik kanpoko laguntza zerbitzuak: Ikastetxeetan bertan kokatzen ez diren laguntza-zerbitzuak dira. Profesional anitzeko talde multiprofesionalak dituzte eta lurraldeen edo autonomia erkidegoen araberako eremua dute. Adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoan Berritzeguneak dute izena eta Nafarroan CREENA.

  • Talde Multiprofesionalak: Laguntza-zerbitzuetan parte hartzen duten profesional anitzen taldeak dira (psikologoak, pedagogoak, logopedak, fisioterapeutak…). Diagnostiko psikopedagogikoa, eskolatze-proposamena eta hezkuntza-premia bereziak dituen ikaslearen jarraipena egitea dute helburu. Ikasle horien irakasleen eta laguntzaileen aholkularitzaz eta orientabideaz ere arduratzen dira. Talde horietako kide guztiek funtzio orokor eta funtzio espezialista bana dute prestakuntza espezializatua jaso duten hainbat programatan.

  • Laguntza gela: Gela arrunteko baliabideekin bakarrik erantzun ezin diren premiak dituzten ikasleen eskolatzean laguntzeko bitartekoei egiten die erreferentzia. Gisa horretako gelak ikastetxeetan bertan egon ohi dira. Ikasleei eskainiko zaien arreta egindako HPBen analisiaren eta testuinguruaren ebaluazioaren araberakoa izango da eta taldekakoa nahiz banakakoa izan daiteke, kasuen arabera. Arreta laguntzagelaren espazioan eskaini daiteke edo gela horretako irakaslea gela arruntera joan daiteke. Gela honetako irakasleak prestakuntza hezkuntza bereziko espezialistak (PT) zango dira.

  • Gela egonkorra: Ikastetxe arruntetan, zailtasun larriak izateagatik eta beharrezko curriculum-egokitzapenak egin arren, curriculum arrunta ikaskideekin elkarbanatu ezin duten edo gutxieneko zati batean bakarrik elkarbana dezaketen ikasleei erantzuteko sortutako gelak dira. Autismoaren espektroko nahasteak edo/eta adimen urritasunak dituzten ikasleak joan ohi dira bertara.

  • Hezkuntza Bereziko Ikastetxeak: HPBak dituzten ikasleei, horien larritasunaren eta iraunkortasunaren arabera, hezkuntza egokitua eskaintzea helburu duen ikastetxea dugu. Normalean ikasleek ohiko ikastetxean zenbait ordu igarotzen dituzte eta gero, hala behar izanez gero, posiblea da hezkuntza bereziko ikastetxe batera joatea zenbait orduz.

  • Ospitaleko ikasgelak: Ospitale-ikasgela batera joaten diren ikasleek lan-plan indibidual bat izaten dute, egoera horretan arreta eskaintzen dioten ikasleek eta bere ikastetxeko irakasleek egindakoa. Helburua ikaskuntza ikaslearen egoeraren arabera programatzea da, bi inguruneetan egiten den lana koordinatuz. Ospitaleko irakasleak PTak izaten dira.