Mostrando entradas con la etiqueta HPB. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta HPB. Mostrar todas las entradas

lunes, 20 de mayo de 2013

AZKEN HAUSNARKETA




            Gure ikaste koadernoari amaiera emateko ordua iritsi zaigu. Lau hilabete oso bat pasa da eta INKLUSIOARI buruz hitz egiten, hausnartzen, ikertzen, eztabaidatzen, ideiak trukatzen...ibili gara. Inklusioaz gain, honekin erlazionaturik eta zerikusirik duten termino eta gaiei buruz aritu gara ere, hala nola, berdintasuna, normalizazio printzipioa, zailtasunak dituzten umeak, HPBak dituzten umeak, etab. Hasierako aurrezagutzei dagokionez, ikasgaiarekin hasi baino lehen, ez nekien ezer inklusioari buruz, kalean ez baitut inoiz entzuten hitz hori beste batzuk bezala (krisia bezainbeste adibidez). Banekien zerbait berdintasunari buruz, desberdinatsunak eta zailtasunak edukitzeagatik hainbat pertsonek dauzkaten oztopoei buruz...Baina inklusioa hitza berria izan da niretzat.
           
Egunak eta kurtsoa pasa ahala, ikasgai honekin argi eta garbi gelditu zait honako hau: etorkizunean irakasle izango garen guztiok lan asko egin behar dugula gaur egun hezkuntzan dauden akatsak zuzentzeko eta guztion ongizatea lortzeko; batez ere, behin eta berriro aipatzen ari naizen inklusioa lortzeko. Hala ere, guztiok badakigu hori lortzeko egin beharreko lana oso zaila dela eta irakasleen esfortzuaz gain, guztion esku hartzea beharrezkoa dela. Bestalde, ideiak erlazionatuz eta hitzak lotuz joan gara gure ikasgai honekiko ezagutzak handitzen eta osatzen. Hasieran aipatu bezala, “inklusioa, normalizazio printzipioa, berdintasuna, desberdintasuna, laguntza, zailtasuna...” terminoak elkarren artean erlazionatu ditugu eta aldi berean, bakoitza aztertu eta ulertu dugu.

HAUSNARKETA izan da beharrezko faktore bat ikasgai honetan. Hala ere, askotan zaila egin zait gutxi dakidan gai bati buruz hausnartzea, batez ere, lau hilabete hasieran. Orain, berriz, errazagoa egiten zait landutako gaiei buruz hausnartzea, besteei dakidana azaltzea, etab. Blog honetan egindako sarrera gehienetan azalpenak nire hausnarketa txikiekin indartzen saiatu naiz, baita gelan egindako lanak ere. Gainera, askotan, taldeetan egin behar izan ditugu lanak eta gai hauei buruzko ideia trukaketak eta eztabaidak oso interesgarriak izan dira (esperimentazio astea, adibidez). Gainera, nire taldeko 4 partaideak ideia iruditsuak ditugu eta ez zaigu zaila egin lanak aurrera eramatea; beti ere errespetua eta besteen ideien onarpena gure taldearen giltzarria izanik. Honekin esan nahi dut bai banaka eta bai taldeka (talde txikietan edo handietan) ikasgaia ulertzen saiatu naizela.

Orain arte ikasitako guztia buruan eduki behar dugu gure irakasle bizitza osoan zehar, baina lehen aipatu bezala, edonork eduki behar ditu ideia hauek buruan. Ikasgai hau eman ondotik, gogo gehiago dauzkat inklusioa bermatzeko eta sustatzeko, nire parte hartzea aktiboa izateko gai honekiko. Batez ere, hasiera batean ez nekielako inklusioa zer zen, eta orain badakidala, gogoak piztu egin zaizkit.

 Ikusi dugu lehenagoko garaietan nola baztertzen zen jendea desberdina izateagatik, eta nola gaur egun gauzak hobetu diren. Hala ere, bazterkeria ez da osoki desagertu den faktorea. Eta bazterkeriarekin batera, arrazakeria, elkarlan falta, ...aipatu behar dira. Pertsona askoren pentsamenduak aldatu beharra dira eta guk, etorkizun batean izango garen irakasleok, pentsamendu horiek aldatzen hasi behar dugu. Badakigu INKLUSIOAN dagoela GAKOA. Gizarte osoan inklusioa balego, edozein pertsona izango luke kalitatezko hezkuntza bat jasotzeko aukera: bai zailtasunak dituzten umeak, bai zailtasunak ez dituzten umeak, bai beste herrialde batekoa den umea, etab.

Zertarako bereizi behar dugu, adibidez, autismoa duen haur bat beste haurrengandik? Kaltegarria izan daiteke guztiak gela berean egoteak? Nire ustetan, “kaltegarri” hitza “aberasgarri” hitzagatik ordezkatzeko ordua iritsi da. Zailtasunak dituzten pertsonen mundua ezagutzea eta ulertzea bizitza beste modu batean baloratzeko aukera ematen dizu. Arazoak dituzten umeak beste gela batean sartzen baditugu, gainontzeko umeek ez dute hori ulertuko eta “arraroen gelara doa” esango dute. Eta txikitatik hori pentsatzen badute, zaila izango da aurrerantzean horrelako pertsonak, pertsona normal bat bezala ikustea. Bestalde, ume guzti guztiak elkarrekin lan eta ikasten badute, bakoitzak bestearen mundua ulertuko du eta den bezalakoa maitatuko du. Eta honetan, irakaslearen papera funtsezkoa da. Irakaslea saiatu behar da inklusioa lortzen eta desberdintasunak ezabatzen. Zailtasunak edo HPBak dituzten umeek autonomia eta bizitza hobeago bat lortzeko beharrezkoa dute sozializatzea, besteekin harremanetan egotea. Horrela, askatasun apur batekin, autonomiaren bide luze horretako helmugara iritsi ahal izango dira. Azken finean, bai askatasuna eta bai laguntza beharrezkoa daukate, bien arteko orekaren bidez izugarrizko aurrerapena lor dezakete.

Hau guztia esatea oso erreza da, baina lortzeko, lan asko egin behar da (eta orain LOMCE legea onartu egin dutenez, lana handiagoa da). Horregatik, hemendik urte batzuetara irakasle izango garenok kezka handia daukagu: lortuko dugu inklusioa? lortuko dugu desberdintasunak desagerraraztea? hezkuntza hobetuko dugu?. Galdera hauei erantzuna emateko, urte batzuk itxaron behar ditugu lehenengo, eta ondoren, ikusiko dugu gizartea hobetu den ala ez. Nire burua hezkuntza hobetzeko gogoekin eta lana egiteko gogoekin ikusten dut, horregatik, ikasgai honetan ikasitako ahaztu behar ez dugula pentsatzen dut.

Hau guztia hobetzeko guztiok baditugu buruan hainbat proposamen, nahiz eta jakin proposamen hauek aurrera eramatea oso zaila dela. Baina ezinezkoa dela pentsatzen badugu, ez dugu nahi duguna lortuko.

  1. Gure hurbileko jendeari dakiguna transmititu behar diegu, lortu nahi duguna azaldu behar diegu. Eta honekin batera, haien pentsamendua aldatu behar dugu, askok ez baitakite ezer inklusioari eta hezkuntzari buruz. Horrela, bakoitzak bere esku hartze txikiarekin, aurrerapenak lortuko ditugu.
  2. Hurbileko jendeari transmititu dioguna zabalduz joango da, pertsona askori iritsiko zaie informazioa. Azken finean, jendea hezkuntzari buruz zerbait jakitea ez da gutxi, gaur egun, esan dugun bezala, ezagutza oso txikia baita irakasleen munduari dagokionez.
  3. Zailtasunak edo HPBak dituzten pertsonak ulertzen saiatu behar gara eta haiei laguntzen. Laguntzak ez dira hezkuntza zentroetan bakarrik ipiniko. Zentro hauetatik kanpo laguntza beharrezkoa dute ere, eta errespetua eta ulermena faktore garrantzitsuak dira.
  4. Ohartu behar gara HPBak dituzten umeak ez direla desberdinak diren bakarrak. Ume (eta pertsona) bakoitza mundu bat da, eta edozein pertsona desberdina da besteekiko.

Esan beharra daukat ikasgai honetan landu duguna oso baliagarria ikusten dudala gure etorkizunerako, beharrezko edukiak baitira. Ikasgaiaren helburua bete dudala uste dut, inklusioa bermatzeko gogoak piztu egin baitzaizkit eta hausnartzea eta kritika egitea lortu baitut. Hasieran nuen ikuspegia eta orain dudana erabat desberdina da, izan ere, lau hilabete hasieran gai hauekiko nuen ezagutza txikia zen eta orain asko handitu da. Gainera, gelako lanetan parte-hartu dudala esan dezaket eta baita blog honetan hausnartzen, ikertzen eta nire iritziak ematen ibili naizela ere. 

Amaitzeko, ez dugu ahaztu behar inklusioari buruz dugun ezagutza eta egin beharreko lana ez dugula hemen amaitutzat eman behar, ezagutza etengabe osatzen doan prozesua baita. Horrez gain, inklusioari buruz ikertzen jarraitu behar dugu hezkuntzan eta gizartean dauden akatsak zuzentzeko eta irtenbideak bilatzeko. Dagoeneko aipatu dut inklusioa lortzeko lan asko egin behar dugula oraindik, eta batez ere, guri, irakasleoi, dagokio lan hori egitea. Beraz, ikasgaia aberasgarria iruditu zait (baita beste ikasgaiak ere) eta eskertzekoa da gaur egun hain garrantzitsua diren eta jendea ezagutza gutxi duen gaiak lantzea.

lunes, 6 de mayo de 2013

Berdin tratatu?


      Berdintasuna goiti, berdintasuna beiti gabiltzala: berdin tratatu behar ditugu ume guztiak? Galdera honekin hasten naiz idazten, nire ustez, zalantza ugari sortzen dituen galdera delako. Badakigun bezala, berdintasuna bazterkeria alde batera utzi egiten du eta pertsona bakoitzaren desberdintasunak onartzen ditu. Honekin batera, pertsonak autonomoak eta kritikoak izatera bultzatzen ditu.

      Irakasle batek esan zigun bezala, ez ditugu ume guztiak berdin tratatu behar. Bakoitzak bere ezaugarriak, gaitasunak, berezitasunak…ditu, orduan, guztiak berdin tratatzen baditugu ez dugu lortuko garapen egoki bat, ez dugu berdintasuna bultzatuko. Adibidez, gure gelan autismoa daukan ume bat badago eta besteei bezalako ahozko azalpenak ematen badizkiogu, bere ikaskuntza prozesua porrotera eramango dugu.
      Beraz, berdin tratatu ez, baina bai BERDINTASUNEAN HEZI. Autismoa daukan ume horri lagunduko diogu gelako erritmoa eramaten, beharrezkoak diren materialak eskainiko dizkiogu eta ahozko azalpenak piktogramekin moldatuko ditugu. Horrela, porrota eduki ordez, arrakasta lortuko dugu.

miércoles, 24 de abril de 2013

Zer da laguntza?



        Aurreko sarrerarekin lotuta (HPB-aren diagnostikoa), laguntza terminoa aipatu beharra dago. Gainera, gelan lantzen ibili gara termino honen definizioa, funtzioak etab. Laguntza garapena, hezkuntza, interesa eta ongizate pertsonala bultzatzen duten estrategia eta baliabideak dira. Horrela, funtzionamendu pertsonala eta gaitasun intelektuala aberastuko da. Haur batek beste pertsona gaituago baten laguntza edo beharra duenean eskeiniko diogu laguntza indibiduala. Adibidez, haurra gauzak bakarrik egiteko zailtasunak dituenean emango diogu laguntza indibiduala. “HPB-aren diagnostikoa”-ren sarrerako 7.puntuan esan bezala, haur bat HPB-a duela zehazteko eta egiaztatzeko, diagnostiko psikopedagogikoa egingo da. HPB-a duen haur batek laguntza berezia behar du, eta askotan, gelatik atera behar da ume hori laguntza berezi bat eskaintzeko.  Honako hauek dira eskaintzen dira laguntzak, bai eskola barrukoak eta bai eskola kanpokoak:

  • Ikastetxeko laguntza zerbitzua: ikastetxeko aniztasun egoerari aurre egiteko irakasleei eta ikasleei laguntza eskaintzea helburu duen zerbitzua da. Bertan Hezkuntza Bereziko espezialistak aurki daitezke batik bat (PT eta aholkulariak).

  • Aholkularia/Kontsultorea: Irakasle-tutoreei eta irakasle-taldeari laguntza eta orientabidea eskaintzen dio Hezkunza Bereziari dagozkion gaietan. Hezkuntza Bereziko espezialistak izaten dira.

  • Orientatzailea: pedagogo, psikologo edo psikopedagogoak dira eta normalean DBHn dihardute (nahiz eta ikastetxe pribaturen batean HHn eta LHn ere jardun dezaketen). Beren zeregin nagusia ikastetxeko irakasleei eta bereziki tutoreei aholkuak eskaintzea da, horiek koordinatzea eta laguntzea. Eskola- eta lanbideorientazioari eta orientazio pertsonalari dagokien zereginetan, ikaslearen ikaskuntzazailtasunekin eta nortasunarekin zerikusia duten alderdien inguruko eskuhartzearen plangintzan, aniztasunaren lanketan, curriculum-egokitzapenetan eta e.a. parte hartzen du.

  • Pedagogo Terapeutikoa (PT): Irakasleen taldeko irakasle bat izan ohi da, Hezkuntza Bereziko espezialista dena. Honakoak dira bere funtzioak: Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleekin banaka edo talde txikitan esku hartzea, gela arruntean zein laguntza-gelan; curriculuma ebaluatzerakoan lankidetzan aritzea; curriculum-egokitzapen indibidualak egiterakoan eta garatzerakoan lankidetzan aritzea; material didaktikoak prestatzerakoan lankidetzan aritzea; familiekiko harremanetan lankidetzan aritzea eta irakasleekin lankidetzan aritzea ikasleen aniztasunari erantzuteko.

  • Hezkuntza Laguntzarako Espezialista: HPBak dituzten ikasleen laguntzaile/hezitzaile izaten dira eta haiekin gela arruntean egon ohi dira. Ikasleek dituzten behar zehatzei erantzuna ematen diete eta irakasleekin elkar-lanean dihardute.

  • Ikastetxetik kanpoko laguntza zerbitzuak: Ikastetxeetan bertan kokatzen ez diren laguntza-zerbitzuak dira. Profesional anitzeko talde multiprofesionalak dituzte eta lurraldeen edo autonomia erkidegoen araberako eremua dute. Adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoan Berritzeguneak dute izena eta Nafarroan CREENA.

  • Talde Multiprofesionalak: Laguntza-zerbitzuetan parte hartzen duten profesional anitzen taldeak dira (psikologoak, pedagogoak, logopedak, fisioterapeutak…). Diagnostiko psikopedagogikoa, eskolatze-proposamena eta hezkuntza-premia bereziak dituen ikaslearen jarraipena egitea dute helburu. Ikasle horien irakasleen eta laguntzaileen aholkularitzaz eta orientabideaz ere arduratzen dira. Talde horietako kide guztiek funtzio orokor eta funtzio espezialista bana dute prestakuntza espezializatua jaso duten hainbat programatan.

  • Laguntza gela: Gela arrunteko baliabideekin bakarrik erantzun ezin diren premiak dituzten ikasleen eskolatzean laguntzeko bitartekoei egiten die erreferentzia. Gisa horretako gelak ikastetxeetan bertan egon ohi dira. Ikasleei eskainiko zaien arreta egindako HPBen analisiaren eta testuinguruaren ebaluazioaren araberakoa izango da eta taldekakoa nahiz banakakoa izan daiteke, kasuen arabera. Arreta laguntzagelaren espazioan eskaini daiteke edo gela horretako irakaslea gela arruntera joan daiteke. Gela honetako irakasleak prestakuntza hezkuntza bereziko espezialistak (PT) zango dira.

  • Gela egonkorra: Ikastetxe arruntetan, zailtasun larriak izateagatik eta beharrezko curriculum-egokitzapenak egin arren, curriculum arrunta ikaskideekin elkarbanatu ezin duten edo gutxieneko zati batean bakarrik elkarbana dezaketen ikasleei erantzuteko sortutako gelak dira. Autismoaren espektroko nahasteak edo/eta adimen urritasunak dituzten ikasleak joan ohi dira bertara.

  • Hezkuntza Bereziko Ikastetxeak: HPBak dituzten ikasleei, horien larritasunaren eta iraunkortasunaren arabera, hezkuntza egokitua eskaintzea helburu duen ikastetxea dugu. Normalean ikasleek ohiko ikastetxean zenbait ordu igarotzen dituzte eta gero, hala behar izanez gero, posiblea da hezkuntza bereziko ikastetxe batera joatea zenbait orduz.

  • Ospitaleko ikasgelak: Ospitale-ikasgela batera joaten diren ikasleek lan-plan indibidual bat izaten dute, egoera horretan arreta eskaintzen dioten ikasleek eta bere ikastetxeko irakasleek egindakoa. Helburua ikaskuntza ikaslearen egoeraren arabera programatzea da, bi inguruneetan egiten den lana koordinatuz. Ospitaleko irakasleak PTak izaten dira.

martes, 23 de abril de 2013

HPB-aren diagnostikoa


Etorkizun batean irakasle tutore izango gara askok eta horregatik, ikasleren bat Hezkuntza Premia Bereziren bat izan ahal duelaren susmoa daukagunean, zer egin jakin beharko dugu. Aurreko sarreraren batean HPBari buruzko informazioa eman nuen eta hainbat kontzeptu argitu nituen. Gaurko honetan, jarraitu beharreko pausoak aipatuko ditut:

  1. Lehenik eta behin, irakasle tutoreak gelan egin beharko du behaketa, hau da, haurraren jarrerak, zer nolako jokabideak dituen…behatuko ditu. Horrez gain, laguntza gisa, informazioa bilatuko du beste irakasleei galderak egiten, liburuetan informazioa bilatzen etab.
  2. Lehenengo pausua egin ondoren, Lehen Hezkuntzan dagoen aholkulariari deituko dio irakasleak eta ikusitakoa azalduko dio. Aholkularia gelara joango da umea behatzera.
  3. Jarraitzeko, gurasoekin kontaktuan jarrito dira eta behatutakoa azalduko diete. Horrela, informazioa trukatuko dute guztien artean, irakasleak gurasoei gelan ikusitakoa kontatuko dielako eta alderantziz, gurasoek etxeko jokabideak, jarrerak…kontatuko diotelako irakasleari. Diagnostikora iristeko eta eskolaz kanpoko laguntzak parte hartzeko, beharrezkoa izando da gurasoen baimena.
  4. Baimena izandakoan, Berritzeguneari deituko diote. Baina hau baino lehen, aholkuaria eta irakasle tutorearen artean ebaluazio psikopedagogikoa egingo dute.
  5. Ondoren, Berritzeguneko psikologoa gelan sartuko da irakasle tutore eta aholkulariarekin hitz egiteko, hau da, hauetaz informazioa lortzeko. Honekin batera, umea behatuko du eta galderak egingo dizkio.
  6. Amaitzeko, HPB-a duela zehazteko eta egiaztatzeko, diagnostiko psikopedagogikoa egingo da.
Hau guztia hobeto ulertzeko, hainbat terminoen azalpena ematea garrantzitsua iruditzen zait:

  • Hezkuntza Premia Bereziak (HPB): Hezkuntza-premia bereziak, eskolatzearen aldi batean zehar edo eskolatze osoan zehar, ez-gaitasun fisikoak edo psikikoak edo zentzumenen ingurukoak izateagatik, jokabide-nahaste larriak izateagatik, aldekoak ez diren kultur edo gizarte-egoeratan egoteagatik, epe luzeko gaixotasun bat izateagatik edo goi-mailako gaitasun intelektualekin zerikusia duten baldintza pertsonalak izateagatik jasotzen den hezkuntza-laguntza eta hezkuntza-arreta bereziak dira.

  • Aholkularia/kontsultorea: Irakasle-tutoreei eta irakasle-taldeari laguntza eta orientabidea eskaintzen dio Hezkuntza Bereziari dagozkion gaietan. Hezkuntza Bereziko espezialistak izaten dira.

  • Ikastetxetik kanpoko laguntza zerbitzuak: Ikastetxeetan bertan kokatzen ez diren laguntza-zerbitzuak dira. Profesional anitzeko talde multiprofesionalak dituzte eta lurraldeen edo autonomia erkidegoen araberako eremua dute. Adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoan Berritzeguneak dute izena eta Nafarroan CREENA.

  • Ebaluazio psikopedagogikoa: Ebaluazio psikopedagogikoa irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren prozesuan esku hartzen duten elementuei buruzko informazio garrantzitsua jasotzeko, aztertzeko eta baloratzeko prozesua da. Berorren helburua da beren garapen pertsonal edo/eta akademikoan desegokitzeak dituzten edo izan ditzaketen ikasleen HPBak identifikatzea, baita curriculum-proposamenaren eta beharrezkoak izan litezkeen laguntza-moten inguruko erabakiak oinarritzea eta zehaztea ere. Honakoetan oinarrituko da: Curriculum-ebaluazio batean eta Ikaslearen eta irakasleen eta ikaskideen arteko elkarreraginaren behaketan. Horietan kontuan izango da eskolako eta familiako testuingurua.

lunes, 22 de abril de 2013

HPB-ak


DEFINIZIOAK: 

Hasteko, nahiz eta dagoeneko ongi ikasia dugun HPB-aren kontzeptua, terminoa azaltzen hasiko naiz.  Hezkuntza Premia Bereziak (HPB), eskolatzearen aldi batean zehar edo eskolatze osoan zehar, ez-gaitasun fisikoak edo psikikoak edo zentzumenen ingurukoak izateagatik, jokabide-nahaste larriak izateagatik, aldekoak ez diren kultur edo gizarte-egoeratan egoteagatik, epe luzeko gaixotasun bat izateagatik edo goi-mailako gaitasun intelektualekin zerikusia duten baldintza pertsonalak izateagatik jasotzen den hezkuntza-laguntza eta hezkuntza-arreta bereziak dira. Honen barruan, bi mota aurkitzen ditugu:

HPB Iraunkorrak: Urritasun fisiko edo psikiko edo zentzumenen ingurukoetatik eratorritakoak diren eta ustez iraunkorrak izango diren HPBei egiten die erreferentzia. Gaitasun apartak dituzten ikasleak ere multzo honetan sartzen dira. Euskal Autonomia Erkidegoak bost hezkuntza-premia iraunkor definitzen ditu:
  • Adimen urritasunak edo/eta Autismoaren espektroko nahasteak: 
  • Entzumen urritasunak.
  • Ikusmen urritasunak.
  • Urritasun motoreak.
  • Goi mailako ikas-gaitasunak.
Aldi baterako HPB: Garapenaren une jakin batean agertzen diren eta aldi batekoak bakarrik izango diren HPBei egiten die erreferentzia. Aldi baterako HPBak ikasle baten ospitaleratzean, gaixotasunen bat denean, aldi baterako traumatismoen kasuan curriculumerako sarbiderako baliabideak erabiltzerakoan eta abarretan sor daitezke. EAEk bost aldi baterako hezkuntza premia bereizten ditu:
  • Gizarte- edo kultura-egoera ahulek eragindakoak (tratu txarrak, utzikeria...).
  • Eskola-moldagabezia larria (jokabide arazoak...).
  • Epe luzeko ospitaleratzea eta gaixotasuna.
  • Ikasketa-maila motela eta ikaskuntza-zailtasun garrantzitsuak (etorkinak...).
  • Adimen-maila motelak eragindakoak (mugako adimen gaitasuna nagusiki).
WEB-ORRIALDEAK

Hementxe ipini ditudan link hauetan, aipatutako HPBei buruzko informazio baliagarria eta aberasgarria aurkituko duzue:
  • Adimen urritasunak edo/eta Autismoaren espektroko nahasteari buruzkoa:



  • Gizarte- edo kultura-egoera ahulek eragindako HPBei buruzkoa:
  • Eskola-moldagabezia larriari buruzkoa:
http://sorkari.com/pdf/JokabideNahasteMotak.pdf
  • Epe luzeko ospitaleratzea eta gaixotasunei buruzkoa:
http://www.guiainfantil.com/salud/hospital/index.htm
  • Ikasketa-maila motela eta ikaskuntza-zailtasun garrantzitsuak:
  • Adimen-maila motelak eragindakoak:

HAUSNARKETA TXIKIA

Orain arte aipatutako guztia beharrezkoa da arazo hauek dituzten pertsonak benetan ezagutzeko eta gaur egungo egoera zein den ikusteko. Nik jarritako informazioaz gain, informazio ugari topatzeko aukera dago, bai testu liburuetan eta bai interneten. Hala ere, esan beharrekoa da ez-gaitasun batzuei buruzko informazioa topatzea zailagoa dela beste batzuen informazioa baino. 

HPBen kontzeptua historian zehar asko aldatu da, gaur egun ezagutzen dugun kontzeptura iritsi arte. Badakigun bezala, lehen pertsona hauek ez ziren onartzen, baina aurrerapenei esker, interbentzio medikoak parte hartzen eta esku hartzen hasi ziren gai honetan. Bertan, aipatzekoa da "Pedagogo Terapeutikoa" (PT), irakasleen taldeko irakasle bat, Hezkuntza Bereziko espezialista dena eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleelin lan egiten duena. Aspaldiko garaietatik arlo honetan egiten ari diren aurrerapenak etengabeak dira (ikerketak, lanak, estretegia berriak...) eta horrela, HPAak dituzten umeak gero eta onartuagoak egotea lortzen ari gara. Baina nire usteaz, ia arlo guztietan gertatzen den bezala, oraindik lan asko egin behar da benetazko integrazioa eta ume hauen onarpena lortzeko.

sábado, 20 de abril de 2013

Normalizazio printzipioa

     Oso garrantzitsua iruditzen zait gai honi buruz hitz egitea, izan ere gelan landutako kontzeptuetako bat da. Hasteko, esan beharra dago urritasunak dituzten pertsonen egoera gizartean asko aldatu dela azken urteotan. Aintzineko garaietan, horrelako pertsonak ez ziren gizarteko partaidetzat hartzen, marjinatu egiten zituzten. Baina egoera hau aldatzea lortu dugu. Gaur egun, ideologia desberdinak dauden arren, pertsona hauek onartuak daude gure gizartean, baita integratuak ere (oso garrantzitsua den terminoa). Hala ere, benetako integrazioa lortzeko asko falta da oraindik. Azken finean, guztiok ikasi dugu ezberdina dena anormaltzat hartzen, hori delako modu kontziente edo inkontziente batean txikitatik irakatsi digutena. Urritasunak dituzten pertsonak ez dira desberdinak, soilik gauza batzuetan guk baino zailtasun gehiago dituzte eta laguntza behar dute. Sentimenduak guztiok ditugu, eta jende askori ahaztu egiten zaio hori. Normalizazio printzipioa hobeto ulertzeko, pdf honetan informazio ugari eta baliagarri aurkitzeko aukera izango duzue.

    Gehienoi gustatuko litzaiguke urritasunak dituzten pertsonak gure artean beste bat gehiago izatea, hau da, pertsona guztien arteko berdintasuna lortzea. Zorionez, jende asko ari da gai honen inguruan lanean, aurrerapenak eta aldaketak lortzeko helburuarekin. Baina jende horren lanarekin ez da aski, guztion laguntza eta esfortzua behar beharrezkoa da. Guztiok mentalizatzen garenean, orduan lortuko dugu pertsona hauek gizartean integratzea.

     Hementxe duzue historian zehar normalizazioari dagokion eskema txiki bat, non bertan egin diren aurrerapenak ikus dezakegu:

  • XIX.mendean atzertuak = gaixo mentalak
  • Diskriminazioa = marjinazioa
  • XIX.mendean interbentzio mediokoak hasi ziren hauek sendatzeko helburuarekin
  • Ondoren, berdintasuna. Zailtasunak dituzten pertsonak besteak bezalakoak dira
  • Normalizazio printzipioa
  • Baldintza normak: bizitokia, lana/hezkuntza eta aisialdia.
  • Normaltasuna: Hezkuntza eskubidea, tratamendu berezia izateko eskubidea.
  • Integrazioa
     Normalizazio printzipioarekin lotuta, integrazio printzipioa, indibidualizazio printzipioa eta sektorizazio printzipioa aipatu behar ditut.

     1. Integrazio printzipioa

Normalizazio eta integrazio printzipioak bereiziezinak dira. Normalizazioa helburua litzateke eta integrazioa, berriz, bidea. Integrazio kontzeptua prozesu luze baten emaitza izan da: edozein haur nahiz eta zailtasunak  eta behar bereziak eduki eskubidea dauka eskolara joateko.

     2. Indibidualizazio printzipioa

Umeen ezaugarri eta berezitasunetan oinarritzen da, hauen garapena lortzeko helburuarekin. Printzipio honek garrantzia handiagoa ematen dio "pertsonak" kontzeptuari "desberdin" kontzeptuari baino.

     3. Indibidualizazio printzipioa

Urritasunak dituzten pertsonak gizarte batean bizi dira, non bertan hezi, erlazionatu eta besteekin bizi dira. Horregatik, beharrezko laguntzak eskeini behar dizkio gizarteak modu egoki batean garatu ahal izateko.  Sektorizazioaren funtzioa honako hau da: behar bereziak dituen umeak komunitateko zerbitzuak eta instituzioak erabiltzea profesionalen laguntzarekin.


Beraz, gure esku dago normalizaziorako bidea.

El cazo de Lorenzo



Hitz simple  eta irudi dibertigarri batzuek bidez, bideo honen egileak desberdintasunak dituen ume baten egunerokotasuna kontatzen digu: umeak dituen zailtasunak, gaitasunak, gainditu behar dituen oztopoak... Nire ustez, honetan ez da beharrezkoa zerbait idaztea, bideoak dena esaten baitu. Horregatik, bideoa ikusi ondoren bakoitzak hausnartu dezan.

 Benetan aberasgarria da!

miércoles, 10 de abril de 2013

AUTISMOA ETA GAUTENA

GAUTENA izena Autismoaren Gipuzkoako Elkartearen akronimotik sortua dago. Etekina ateratzeko asmorik ez duen erakundea da eta autismoaren espektroa nahasita duten pertsonek (TEA) osatzen dute. Elkartea dagoen gizartean giltza diren erakundeekin lotura estua du eta laguntza ematen dion taldeari arreta modu profesionalean ematea du ezaugarri. GAUTENAk hitzarmenak ditu Eusko Jaurlaritzako zenbait sailekin, adibidez, Osasun eta Hezkuntza sailekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren sail batzuekin, hala nola, Gizarte Politika eta Gazteria eta Kirol sailekin. Orain arte egin duen lana eskertu nahi izan zion Donostiako Udalak, 2003. urtean, Hiritarren Merezimenduari Domina eman zionean. Honekin batera, aipatzekoak dira Euskal Herrian eta Nafarroan dauden honako elkarte hauek:


  • APNABI : Autismo Bizkaia
  • ARAZOAK: Arabako Autismoa eta garapenaren beste nahasmen jeneralizatu batzuek Elkartea
  • ANA: Asociación Navarra de Autismo
Internetetik nabigatzen ari garenean, definizio desberdin asko aurkitu dezakegu autismoari buruz. Baina, zein da benetan autismoaren definizioa?. GAUTENAn honako definizio hau dago: Autismoaren Espektroko Nahasmenen (AEN) eredua da autismoa eta gizarteratze, komunikazio eta jardueraren garapen arrunta oztopatzen duten haur-nahasmenak dira. Garunaren anomaliei lotzen zaizkie, baina oraindik ez dira era sakonean zehaztu, eta funtsean, arrazoi genetikoei egozten zaizkie. 1943an idatzi zen honi buruzko lehen artikulua eta gaur egun lehen baino maiztasun handiagoz identifikatzen dira. Gaur egun sendaezinak badira ere, egungo tratamenduek nahasmen horiek dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzen dute eta, laguntzarekin, ingurune normalizatuan bizi daitezen lortzen dute. 

Jendeak oso informazio gutxi dauka autismoari buruz. Horregatik, gaur egun ezjakintasun handia dago nahaste honen inguruan, beste askorekin gertatzen den moduan. Ezjakintasun hau jakintasun bihurtzeko Autismoaren Nazioarteko Eguna egiten da, joan den astean ospatu zen, apirilaren 2an hain zuzen ere. Egun horretan, guztion sentsibilizazioa lortzea da helburuetako bat. Baina helburu garrantzitsuena hau da: autistak gizartean autonomoak izatea lortzea. 




martes, 12 de marzo de 2013

ELLING

Joan den astean "Elling" filma ikusi ondoren, argi eta garbi ikusten dugu, nahiz eta pelikulako bi protagonistak arazoak izan, aurrera egiteko eta hobekuntzak egiteko gai izan direla. Hau da, pelikulak transmititu nahi duen mezuetako bat autonomiarekin zerikusia dauka, bi pertsonai hauen garapena ikusteko aukera izan dugu eta autonomia lortzeko egin duten bidea ikusi dugu.

Aipatzekoa da bi pertsonai hauen bizitzak oso desberdinak izan direla. Ellingeri dagokionez, oso babestua bizi izan da txiki txikitatik eta ez da inoiz etxetik atera. Kjell Bjarneri dagokionez, berriz, abandonatuta izan zen. Beraz, egoera erabat desberdinetan bizi izan dira. Izaera aldetik, oso desberdinak dira ere.  Kjell Bjarne oso kuriosoa da, kotxeak konpontzea gustatzen zaio, emakumeak etab. Elling berriz, guztiz kontrakoa da, ez dauka kuriositate hori. Hala ere, bien artean lortu dute autonomia lortze eta kalean pertsona guztiak egiten dituzten gauzak egitea.

Nire ustez, filmak transmititu nahi duen mezua oso modu egokian egiten du. Nahiz eta bi pertsonai hauek laguntza beharrezkoa duten, autonomia lortzeko askatasuna behar dute eta hori pelikulan oso argi ikusten da.



martes, 5 de marzo de 2013

Amets egiteko, ez ditugu begiak behar.

Atzoko saioan edo klasean ikusmen zailtasunei buruz hitz egin genuen. Egia esan, ikusitako bideoaren ondoren ugariak dira gorputzean gelditzen zaizkizun sentsazioak. Nahiz eta ez ikusi, oso zoriontsu bizi ziren bertan agertzen ziren ume guztiak, eta askotan, kontrakoa uste dugu. Baina zoriontasun hori lortzeko gure laguntza beharrezkoa dute, horrela gizartearen parte sentituko direlako. Nire esperientziari dagokionez, ez ditut zailtasun hauek dituzten umeak hurbiletik ezagutu. Hala ere, ezagutzea gustatuko litzaidake, aberasgarria baita pertsona hauetatik ikastea; irakasten diezun bitartean haietatik asko ikasten duzu. 

Gaur egun, pertsona hauen egoera hobetu egin dela uste dut. Adibidez, nire eskolan eta institutuan pertsona hauentzat egokitutak zeuden instalazio guztiak eta gelan integrazioa asko sustatzen zuten. Kaletik ibiltzen naizenean, batez ere hirietan, ikusten dut hobekuntza handiak eman direla, adibidez, semaforoak soinuekin, botiketan dagoen "braille" alfabetoa... 

Youtuben ikusmen zailtasunak dituzten umeei buruzko bideoak ikusi ondoren, interesgarria iruditu zaidan bat harrapatu dut, ea zuei ere baliagarria zaizuen.



"Itsua naiz argien taupadei,
begietako itzalei,
itsua urdinaren zeruari eta eguzkiaren zuriari.
Baina ez nago ilun.
Sentitzean ikusten dut"


sábado, 23 de febrero de 2013

"Mi hermanito de la luna"

    
    Gaurko honetan, gelan ikusitako "Mi hermanito de la luna" buruzko film laburrari buruz hitz egingo dut. Ezer esan baino lehen, aipatu beharra daukat benetan arreta piztu didala hasiera hasieratik. Modu ulergarri batean azaltzen gaituzte hain txikia den ume autista baten mundua.
    
    2008. urte hasieran, Frantziako "Fondation Orange" harremanetan jarri zen autismo asoziazio ("Autistes dans la cité") batekin, asoziazioa honek laguntza eskatzen baitzuen fil labur bat zabaltzeko, "Mi hermanito de la luna". "Fondation Orange" bere blog-an jarri zuen filma eta izugarrizko harridura sortu zuen pertsona askorengan. Geroztik, fundazio honek mezu ugari jaso ditu autismoa daukaten ume ugariren familietatik. Beraz, ikus dezakegu film honek arrakasta handia izan duela.

    Frédéric Philibert, autismoa daukan ume baten aita da. Horregatik, ahaztezinak diren marrazki bizidun hauek sortu ditu, non bertan, neska batek bere inpresioak azaltzen ditu bere anai autistari buruz. Neska honek modu sinple eta argi batean azaltzen digu zergatik bere anaia ez den beste haurrak bezalakoa eta hau guztia nola bizitzen duen kontatzen digu. Aipatzekoa da film labur honek "Gran Premio" eta "Premio del Público" sariak jaso zituela Handica- Apicil jaialdian, 2007an. 

    Zuzendariak baino hobe inork ezin gaitu eman film labur honen azalpena, Frédéric Philibert:

"Cuando nos enteramos de que nuestro hijo tenía un problema, un pediatra nos mandó a un centro especializado en psicología donde nos aconsejaron iniciar, como padres, un proceso de psicoanálisis. Pero no quedamos convencidos y empezamos a buscar otras soluciones como la atención hospitalaria y un programa adaptado en domicilio. Paralelamente, hemos decidido crear y realizar una película familiar que nos ha dado la posibilidad de contar nuestra historia y hablar del autismo de manera sencilla. Esta película se dirige a todos: familiares, profesionales, las personas que no conocen el autismo, los que se compadecen de nosotros y los que nos juzgan, y a las personas que pueden llegar a descubrir e interesarse por este trastorno. 

Es su hermana mayor la que pone la voz en off en el corto. Como conoce muy bien a su 
hermanito, pudo, con sus propias palabras, conservar su espontaneidad y transmitir un mensaje claro, comprensible y poético. Las anécdotas están sacadas de su vida real, así como los momentos difíciles tanto para el niño como para nosotros.

Sin embargo, el humor siempre está presente, lo que facilita tener perspectiva. Queríamos mostrar gráficamente el aislamiento de nuestro hijo, que vive a nuestro lado, pero jamás verdaderamente con nosotros, como en una burbuja. Y a pesar de todo, no queríamos transmitir un mensaje que fuera triste, por ello nuestro hijo se sitúa en una burbuja de luz que puede ampliarse cuando su hermana consigue ponerse en contacto con él. No es un juicio o una toma de posición, sino que con la realización de este corto tratamos de comprender a este pequeño y de explicar su vida tan próxima de nosotros. Queríamos hacer un corto sensible y sincero sobre un hermano diferente y la relación que tiene con su hermana
".


     Bukatzeko, esan beharra daukat, neri behintzat, horrelako bideoak autismoen mundua hobeto ezagutzen laguntzen didatela. Baita pertsona hauek hobeto ulertzen ere.  Guzti honek aldatu egiten zaitu pertsona bezala, hau da, zure pentsamenduak aldatzen dira pertsona hauekiko. Adibidez, ezer ez dakizunean "zergatik egiten du hori?" galdetuko diozu zure buruari, baina mundu handi horri buruz zerbait dakizunean, ulertu egiten dituzu ume hauen jokabideak eta jarrerak. Pertsona bezala aldatu egiten zaituela esaterakoan, ez dut esan nahi zure jokabideak eta jarrerak aldatzen dituzula, baizik eta esan bezala, zure pentsamenduak aldatu egiten direla. Bideoa ikusi ondoren autismoari buruz gehiago dakizu, gainera, honetan, haur txiki batek oso modu argian azaltzen du guztia. Azken finean, egoera erreal bat entzutea hoberena da edozer ulertzeko edo ikasteko.