lunes, 20 de mayo de 2013

AZKEN HAUSNARKETA




            Gure ikaste koadernoari amaiera emateko ordua iritsi zaigu. Lau hilabete oso bat pasa da eta INKLUSIOARI buruz hitz egiten, hausnartzen, ikertzen, eztabaidatzen, ideiak trukatzen...ibili gara. Inklusioaz gain, honekin erlazionaturik eta zerikusirik duten termino eta gaiei buruz aritu gara ere, hala nola, berdintasuna, normalizazio printzipioa, zailtasunak dituzten umeak, HPBak dituzten umeak, etab. Hasierako aurrezagutzei dagokionez, ikasgaiarekin hasi baino lehen, ez nekien ezer inklusioari buruz, kalean ez baitut inoiz entzuten hitz hori beste batzuk bezala (krisia bezainbeste adibidez). Banekien zerbait berdintasunari buruz, desberdinatsunak eta zailtasunak edukitzeagatik hainbat pertsonek dauzkaten oztopoei buruz...Baina inklusioa hitza berria izan da niretzat.
           
Egunak eta kurtsoa pasa ahala, ikasgai honekin argi eta garbi gelditu zait honako hau: etorkizunean irakasle izango garen guztiok lan asko egin behar dugula gaur egun hezkuntzan dauden akatsak zuzentzeko eta guztion ongizatea lortzeko; batez ere, behin eta berriro aipatzen ari naizen inklusioa lortzeko. Hala ere, guztiok badakigu hori lortzeko egin beharreko lana oso zaila dela eta irakasleen esfortzuaz gain, guztion esku hartzea beharrezkoa dela. Bestalde, ideiak erlazionatuz eta hitzak lotuz joan gara gure ikasgai honekiko ezagutzak handitzen eta osatzen. Hasieran aipatu bezala, “inklusioa, normalizazio printzipioa, berdintasuna, desberdintasuna, laguntza, zailtasuna...” terminoak elkarren artean erlazionatu ditugu eta aldi berean, bakoitza aztertu eta ulertu dugu.

HAUSNARKETA izan da beharrezko faktore bat ikasgai honetan. Hala ere, askotan zaila egin zait gutxi dakidan gai bati buruz hausnartzea, batez ere, lau hilabete hasieran. Orain, berriz, errazagoa egiten zait landutako gaiei buruz hausnartzea, besteei dakidana azaltzea, etab. Blog honetan egindako sarrera gehienetan azalpenak nire hausnarketa txikiekin indartzen saiatu naiz, baita gelan egindako lanak ere. Gainera, askotan, taldeetan egin behar izan ditugu lanak eta gai hauei buruzko ideia trukaketak eta eztabaidak oso interesgarriak izan dira (esperimentazio astea, adibidez). Gainera, nire taldeko 4 partaideak ideia iruditsuak ditugu eta ez zaigu zaila egin lanak aurrera eramatea; beti ere errespetua eta besteen ideien onarpena gure taldearen giltzarria izanik. Honekin esan nahi dut bai banaka eta bai taldeka (talde txikietan edo handietan) ikasgaia ulertzen saiatu naizela.

Orain arte ikasitako guztia buruan eduki behar dugu gure irakasle bizitza osoan zehar, baina lehen aipatu bezala, edonork eduki behar ditu ideia hauek buruan. Ikasgai hau eman ondotik, gogo gehiago dauzkat inklusioa bermatzeko eta sustatzeko, nire parte hartzea aktiboa izateko gai honekiko. Batez ere, hasiera batean ez nekielako inklusioa zer zen, eta orain badakidala, gogoak piztu egin zaizkit.

 Ikusi dugu lehenagoko garaietan nola baztertzen zen jendea desberdina izateagatik, eta nola gaur egun gauzak hobetu diren. Hala ere, bazterkeria ez da osoki desagertu den faktorea. Eta bazterkeriarekin batera, arrazakeria, elkarlan falta, ...aipatu behar dira. Pertsona askoren pentsamenduak aldatu beharra dira eta guk, etorkizun batean izango garen irakasleok, pentsamendu horiek aldatzen hasi behar dugu. Badakigu INKLUSIOAN dagoela GAKOA. Gizarte osoan inklusioa balego, edozein pertsona izango luke kalitatezko hezkuntza bat jasotzeko aukera: bai zailtasunak dituzten umeak, bai zailtasunak ez dituzten umeak, bai beste herrialde batekoa den umea, etab.

Zertarako bereizi behar dugu, adibidez, autismoa duen haur bat beste haurrengandik? Kaltegarria izan daiteke guztiak gela berean egoteak? Nire ustetan, “kaltegarri” hitza “aberasgarri” hitzagatik ordezkatzeko ordua iritsi da. Zailtasunak dituzten pertsonen mundua ezagutzea eta ulertzea bizitza beste modu batean baloratzeko aukera ematen dizu. Arazoak dituzten umeak beste gela batean sartzen baditugu, gainontzeko umeek ez dute hori ulertuko eta “arraroen gelara doa” esango dute. Eta txikitatik hori pentsatzen badute, zaila izango da aurrerantzean horrelako pertsonak, pertsona normal bat bezala ikustea. Bestalde, ume guzti guztiak elkarrekin lan eta ikasten badute, bakoitzak bestearen mundua ulertuko du eta den bezalakoa maitatuko du. Eta honetan, irakaslearen papera funtsezkoa da. Irakaslea saiatu behar da inklusioa lortzen eta desberdintasunak ezabatzen. Zailtasunak edo HPBak dituzten umeek autonomia eta bizitza hobeago bat lortzeko beharrezkoa dute sozializatzea, besteekin harremanetan egotea. Horrela, askatasun apur batekin, autonomiaren bide luze horretako helmugara iritsi ahal izango dira. Azken finean, bai askatasuna eta bai laguntza beharrezkoa daukate, bien arteko orekaren bidez izugarrizko aurrerapena lor dezakete.

Hau guztia esatea oso erreza da, baina lortzeko, lan asko egin behar da (eta orain LOMCE legea onartu egin dutenez, lana handiagoa da). Horregatik, hemendik urte batzuetara irakasle izango garenok kezka handia daukagu: lortuko dugu inklusioa? lortuko dugu desberdintasunak desagerraraztea? hezkuntza hobetuko dugu?. Galdera hauei erantzuna emateko, urte batzuk itxaron behar ditugu lehenengo, eta ondoren, ikusiko dugu gizartea hobetu den ala ez. Nire burua hezkuntza hobetzeko gogoekin eta lana egiteko gogoekin ikusten dut, horregatik, ikasgai honetan ikasitako ahaztu behar ez dugula pentsatzen dut.

Hau guztia hobetzeko guztiok baditugu buruan hainbat proposamen, nahiz eta jakin proposamen hauek aurrera eramatea oso zaila dela. Baina ezinezkoa dela pentsatzen badugu, ez dugu nahi duguna lortuko.

  1. Gure hurbileko jendeari dakiguna transmititu behar diegu, lortu nahi duguna azaldu behar diegu. Eta honekin batera, haien pentsamendua aldatu behar dugu, askok ez baitakite ezer inklusioari eta hezkuntzari buruz. Horrela, bakoitzak bere esku hartze txikiarekin, aurrerapenak lortuko ditugu.
  2. Hurbileko jendeari transmititu dioguna zabalduz joango da, pertsona askori iritsiko zaie informazioa. Azken finean, jendea hezkuntzari buruz zerbait jakitea ez da gutxi, gaur egun, esan dugun bezala, ezagutza oso txikia baita irakasleen munduari dagokionez.
  3. Zailtasunak edo HPBak dituzten pertsonak ulertzen saiatu behar gara eta haiei laguntzen. Laguntzak ez dira hezkuntza zentroetan bakarrik ipiniko. Zentro hauetatik kanpo laguntza beharrezkoa dute ere, eta errespetua eta ulermena faktore garrantzitsuak dira.
  4. Ohartu behar gara HPBak dituzten umeak ez direla desberdinak diren bakarrak. Ume (eta pertsona) bakoitza mundu bat da, eta edozein pertsona desberdina da besteekiko.

Esan beharra daukat ikasgai honetan landu duguna oso baliagarria ikusten dudala gure etorkizunerako, beharrezko edukiak baitira. Ikasgaiaren helburua bete dudala uste dut, inklusioa bermatzeko gogoak piztu egin baitzaizkit eta hausnartzea eta kritika egitea lortu baitut. Hasieran nuen ikuspegia eta orain dudana erabat desberdina da, izan ere, lau hilabete hasieran gai hauekiko nuen ezagutza txikia zen eta orain asko handitu da. Gainera, gelako lanetan parte-hartu dudala esan dezaket eta baita blog honetan hausnartzen, ikertzen eta nire iritziak ematen ibili naizela ere. 

Amaitzeko, ez dugu ahaztu behar inklusioari buruz dugun ezagutza eta egin beharreko lana ez dugula hemen amaitutzat eman behar, ezagutza etengabe osatzen doan prozesua baita. Horrez gain, inklusioari buruz ikertzen jarraitu behar dugu hezkuntzan eta gizartean dauden akatsak zuzentzeko eta irtenbideak bilatzeko. Dagoeneko aipatu dut inklusioa lortzeko lan asko egin behar dugula oraindik, eta batez ere, guri, irakasleoi, dagokio lan hori egitea. Beraz, ikasgaia aberasgarria iruditu zait (baita beste ikasgaiak ere) eta eskertzekoa da gaur egun hain garrantzitsua diren eta jendea ezagutza gutxi duen gaiak lantzea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario