lunes, 20 de mayo de 2013

LOMCE , aurrerapausoa edo atzerapausoa?

Espainiako Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa (LOMCE edo Wert legea) onartu egin dute Espainian eta erabat eztabaidatsu suertatzen ari den lege bat da. Nire ustetan (eta askoren ustetan), Wert ministroak eta PPren gobernuak sustatutako Hezkuntza Legea izugarrizko atzerapausoa da. http://www.goieskola.hezkuntza.net web orrialdeak, LOMCE-ri EZETZ esateko hainbat arrazoi garrantzitsu bota ditu:

1 --> EZETZ esaten diogu parte har ez dezakegun hezkuntza-sistemari. Lege berriak murriztu egiten du gure seme-alaben heziketari eragiten dioten erabakietan parte hartzeko dugun eskubidea, kontsultarako organo bihurtzen dituelako Eskola Kontseiluak. Hori gutxi balitz, zuzendariak aukeratzeko eskubidea erreserbatzen du. 

Hezkuntza-sistema demokratiko baten partaide izan nahi dugu. Ezinbestekoa da akordioa eta hezkuntza-komunitate osoaren konpromisoa proiektuak erabakitzeko, ikasle guztien arrakasta eta kalitatea lortzeko; autonomia behar dugu curriculuma ikasle guztien beharretara egokitzeko. 

2 --> EZETZ esaten diogu bereizketari. Lege berriak ikasleak banatu nahi ditu 14 urtetik, ahalmenen arabera. Ez da egia ikasleen banaketa goiztiarra egiten duten sistemek emaitza hobeak dituztenik. Finlandian, esaterako -Europan eredutzat hartzen den sistema- ikasleak ez dira banatzen 16 urtera arte.

Ikasle guztiei 16 urtera arte ezagutza komunak bermatuko dizkien hezkuntza-sistema nahi dugu, eta gure sistema ekitatibo eta inklusiboan sakontzen jarraitu, gizarte-adostasun zabal batean oinarriturik eta ikuspegi integratzaile batetik. 

3 --> EZETZ esaten diogu euskara eta gure curriculuma gutxiesteari. Lege berriak hiru mailatan banatzen ditu  irakasgaiak “garrantziaren” arabera eta hirugarren mailan uzten du euskara. Oinarrizko irakasgaietan (enborrekoak) Hezkuntza Ministerioak erabakiko du edukien %100, baita ebaluatzeko irizpideak, gaitasunen  lorpena, ebaluaketa estandarrak eta gutxieneko ordutegia ere, euskal administrazioari parte hartzeko  aukerarik utzi gabe. 

Ikasle euskaldun eleanitzak nahi ditugu. Ikasle guztiek dute funtsezko eskubidea hizkuntza ofizialak  ezagutzeko eta erabiltzeko. Ez dezagun ahaztu, aspaldidanik seme-alabak euskaraz hezteko hautua egiten  dugula familiok. 

4 --> EZETZ esaten diegu Estatuko azterketei, errepikapenak sustatzen dituztelako eta zailtasunak ipini DBH eta Batxilergoko tituluak lortzeko, ez delako izango nahiko ikasturtea gainditzea. Europako herrialde gehienetan ez dago horrelakorik. 

Ebaluaketa jarraituak kontuan hartuko dituen legea nahi dugu (ikasleen benetako lorpenak neurtzen  dituztenak), irakasleei lagunduko diotenak eta eduki guztiak erakusten direla bermatuko dutenak. 

5 --> EZETZ esaten diogu eskola ordutegian erlijioa irakasteari, ikasleak banatzen direlako sinesmenen arabera. Lege berriak ordu gehiago eskaintzen dizkio erlijioari tutoretzari baino. 

Guztiontzako eskola nahi dugu. Euskadiko Eskola Kontseilua erlijioak derrigorrezko curriculumean sartzearen kontra agertu da. 

6 --> EZETZ esaten diogu Musika, Plastika, Hiritartasunerako Hezkuntza edo Teknologia bezalako oinarrizko irakasgaien desagertzeari. 

Modu integralean heziko duen eskola nahi dugu gure seme-alabentzat, gizarte osoak partekatzen dituen baloretan oinarrituta. Kalitatezko hezkuntza nahi dugu, ikasle euskaldun pluralak heziko dituena, gizarteko desberdintasunak gainditzen lagunduko duena, integratzailea, aukeren berdintasunean oinarritua, parte-hartzailea, gure gizartetik eta kulturatik eraiki eta antolatua. 

          Hau guztia irakurrita pentsa liteke Espainiako hezkuntzaren kalitatea hobetzeko lege bat dela?. Orain arte hezkuntzan egindako lorpen eta aurrerapauso guztiak ezerezean geldituko dira eta aspaldiko garaietako hezkuntzaren printzipio zaharkituetara bueltatuko dira. Orain arte hezkuntza publikoa defendatzeko borrokatu behar izan badugu, gaurtik aurrera gehiago borrokatu behar izango dugu.




LOMCEri EZ! GUK GURE ESKOLA,
EUSKAL ESKOLA PUBLIKOA


No hay comentarios:

Publicar un comentario